San Pedro Apóstol Ikastetxea

23.10.2018

Igor Anton: “Zure ametsak bete arte jarraitu behar dituzu”

Gaur, 2018ko urriak 23, San Pedro Apóstol Ikastetxean Igor Anton txirrindulari Galdakaoztarraren bisita izan dugu. LHko 5. eta 6. mailak eta DBHko 1. maila Igorren bizipenak entzuteko aukera izan dute.

Solasaldia emankorra eta atsegina izan da. Izan ere, ikasleek era askotako galderak egin dizkiote: profesionalak, pertsonalak, sentimenduei buruzkoak, etorkizuneko proiektuei buruzkoak, etab. Ikasleek miresmenez entzun dituzte Igor Antonen erantzunak: “bizitzan zehar talde ugariren partaide izango zarete: familia, ikaskideak, kuadrila, lankideak… eta elkarlan horren baitan garrantzitsuena aldamenekoari laguntzea da”.

Igorrek emandako erantzunak jaso ondoren ikasleak taldeka batu dira eta Antonen inguruko deskribapenak egin dituzte. Deskribapenak irakurtzerakoan, aretoan bilduta geundenok Igorren begi distiratsuek antzeman ditugu; Espainiako Vueltako lau etapa eta Italiako Giroko etapa bateko irabazlea, txapeldun bizkaitarra, hunkitu egin da.

Zoriontasunez agurtu dute Igor Anton SPAko ikasleek sinadura, argazki eta irribarre artean. Eskerrik asko Igor zure arreta eta eskuzabaltasunagatik!