Aurten ere San Pedro Apóstol Ikastetxeak euskara indartzeko bere konpromisoa azaldu du. Martxoaren 25etik 27ra iraun duen hiru eguneko bizikidetza antolatu dugu DBHko 1. eta 2. mailako ikasleekin.
Esan beharrik ez dago urteroko egitasmo honek, gero eta sona handiagoa duela SPAko ikasleen artean eta aurten, zerbait desberdina eta entretenigarria egitea bururatu zitzaigun; euskara suspertzeaz gain, kirola egitearen garrantzia eta naturarekiko errespetua bultzatu nahi genuen. Euskara, kirola eta natura uztartzeko aukera paregabea eskeintzen zuen Gorlizko TROKA ABENTURA aterpetxeak.
Martxoak 25
Astelehen goizean, eguzkiaren epeltasunarekin batera, sarrera egin genuen Gorlizko ostatuan. Argazkietan ikusi genuen arren, ezin genuen sinetsi tokiak biltzen zuen edertasuna: hondartza zen itsasoa eta ostatuaren arteko muga bakarra, ekialderantz begiratzean Astondoko itsaslabarrak zeuden eta mendebaldean Gorliz eta Plentziako herriak batzen dituen itsasadar baketsua. Kokalekuaren edertasunarekin liluraturik, goiza itsasadarrean zehar paseatzen eta solasean eman genuen.
Bazkalondoren, arratsaldean, lehen jarduera egiteko unea iritsi zen, piraguak. Arduradunen azalpenak entzun eta neoprenozko ur jantziak ipini ondoren, binaka piraguan jarrita itsasoratu ginen. Lau orduz bogan, itsaso zabalean eta Plentziako itsasadarrean zehar. Aldarte ona arnasten zen ikasleen, irakasleen eta monitoreen artean. Hainbat aldiz piraguak iraulita ikusi genituen; barreari eutsi ezinik gindoazen arraunean, bikote batek zanga egiten zuen bakoitzean!
Afalondoren, pelikulak asmatzeko jokua antolatu genuen, taldeak sortu eta jolasean aritu ginen, begiko azkurak ohearen beharra iragarri zuen arte.
Martxoak 26
Goazen Karts-etara! Astearte eguzkitsu batekin esnatu ginen. Karts-etan igo eta Gorlizko kaleetan ibiltzeko aukera izan genuen, baita inguruko basabideetan ere. Euskaraz kirola egiten genuen bitartean, paisaiaz ere gozatu genuen.
Karts-ak aparkatu eta Ginkana egiteko ordua iritsi zen. Lauko taldeak egin ondoren, hainbat jarduera burutu genituen. Ekintzak taldekideen arteko komunikazioa, orientazioa, elkartasuna eta lehiakortasuna (baketsua eta sanoa) ahalbidetu zuten.
Otartekoak hartu eta arratsaldea hondartzan pasa genuen: jolasean, itsasertzean paseoan, boleibolean…
Astearte gaua, talentuen gaua izan zen. Euskal Taletu Show-a! Afalaurretik prestatutako dantzak, magia ikuskizunak, bakarrizketak, tatuaiak, txiste kontaketak… aurkezteko ordua izan zen. Hitz ematen dugu: SPAn talentua sobera dago! Ikaragarriak izan ziren aurkezpen guztiak!
Martxoak 27
Asteazkenean ere eguraldia alde izan genuen. Gosaldu, maletak egin eta logelak txukundu eta gero, Astondo, Azkorriaga eta Gorlizko Itsasargia lotuko zituen ibilaldia hasi genuen.
Bidean gindoazela, itsasoak Astondoko itsaslabarraren aurka birrintzen ziren olatuak entzutean eta aparrezko maindiriek haitzak estaltzen zituen bezain pronto, natura zeinen ikusgarria eta ederra den gogorarazi zigun; zaindu beharreko altxorra, benetan. Azkorriagako basabidean zehar, kresalak eta lore-hautsak bat egiten duten tokian, Gorlizko Itsasargirako geratzen zitzaigun tartea ikusten genuen. Kementsu ekin genion Itsasargirako bideari.
Gorlizko itsasargian, zangoak luzatu, ur pixka bat edan eta gero, 1936ko Gerra Zibilaren ondorioz eraikitako bunkerrak bisitatu genituen. Bisita bukatuta, berriz ere Gorlizko aterpetxera, bazkaltzera, abiatu ginen. Pena handiz utzi genuen ostatua; esperientzia aberasgarri honek, ikasleriaren eta irakasleriaren oroimenean iraungo duelakoan gaude.
Kirola, natura, historia, elkartasuna… baina batez ere bizikidetza honen ildo nagusia euskara izan da. San Pedro Apóstol Ikastetxean euskararen alde lanean jarraituko dugu.