
Gaur, hiru urte eta gero, Euskal Herri osoa batzen duen ekitaldiak, batu egin gaitu berriro. Euskararen alde egiten den ekitaldia, herriz herri doana, gauez zein egunez martxan dagoena eta jende piloa batzen duena. Orain dela 42 urte, KORRIKAren lehenengo edizioa egin zen, Oñatitik Bilbora, “zuk ere esan bai euskarari” lelopean. 42 urte pasa eta gero hemen gaude, gurea den hizkuntzaren garrantzia mundura zabaltzeko prest, euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko. Aste honetan zehar ipuinak, dokumentalak, mezuak, konpromiso-gutunak, idazten egon gara. Hitza emana dugu; orain, ekintzara jauzi egin behar dugu. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, irakasleek zein ikasleek. Bada ekiteko ordua. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, hitzekin ulertzen dugu elkar, beraz, ekin; eta euskaraz egin!