SPA I. XAKE TXAPELKETA erabateko arrakasta

Ekainaren 14an ospatutako SPA I. XAKE TXAPELKETA erabateko arrakasta izan zen. Ikasturteko azken ekitaldiak Jesusen Bihotz Sakratuaren urteurrenarekin bat egiten zuenez, zerbait berezia prestatzea otu zitzaigun: Final handia kalean jokatzea, ikastetxe aurrean hain zuzen ere. Itsasadarreko erribera peoi, zaldi, dorre, errege eta erregina mugimenduek limurtu zuten. Bertan elkartutako hogeita hamar ikasleek, Lehen Hezkuntzako 18 ordezkari eta Bigarren hezkuntzako 12, 11:30ean eman zieten hasiera txapelketari, Volantín pasealekuko bizilagun, ibiltari, turista eta senitartekoen begiradapean… Guztiak jakinminak esnatzen zuen eragin liluragarriak erakarrita. Gazteek egun berezia bizitzeko aukera izan zuten, Juan Mario Gómez Esteban, nazioarteko xake jokalari profesionalak eskeinitako master class-ari esker. Bederatzi aldiz Euskadiko xake txapeldunak, ikastetxeko ikasleen aurka aldi bereko hainbat partida jokatu zituen; ikasleek Gómez Estebanen erritmoa gogotsu mantentzen saiatu ziren. Regina González, LH 4ko ikaslea, ezustekoa emateko zorian gelditu zen. Ikastetxeko jokalari gazteak nazioarteko txapeldunaren aurka lehian jardun zuen azken une arte. Gazteek esperientziaren garrantzia ezagutu zuten, hori bai, gauza bat argi dago, ikastetxean talentua sobera dago eta ziur etorkizunean gure neska-mutilak jokalaritzarrak bilakatuko direla.

12:00ak aldera final handiaren ordua iritsi zen. Ikasgeletako hamar ordezkariek, azken asteetan egindako aurre txapelketako irabazleak, buru-belarri ekin zioten beraien partidei jokoan zeuden bost dominetako bat leporatzeko asmoarekin. Txapelketak sortzen zuen ikusminak ibiltariak geldiarazten zituen, dozenaka lagunek inguratzen zituzten xake mugimenduak. Haiek jokatzen zuten bitartean ikaskideak bihotza ematen zioten ikastetxeko jolastokitik, pantaila erraldoi baten bitartez xake partida zuzenean streaming bidez ikuskatzen baitzuten.  13:00etan ezagutu genituen bost irabazleen izenak:

– Marceli Przychodzen (LHko 2. maila)
– Regina González (LHko 4. maila)
– Iker Castrillo (LHko 6. maila)
– Zekai Lin (DBHko 1. maila)
– Weizhen Lin (DBHko 3. maila)

Ekitaldi biribila, ospakizun zoragarria aparteko kokalekuan; eszenatoki berdingabean, Guggenheim museoa atzealdean, gorri koloreko atari ezaguna duen La Salve Zubia guztion gain eta aurrean Bilbo itsasadarreko ur barea, XX. mendeko arkitektura hiribilduaren bihotzean dagoen gure ikastetxearekin lotzen duena. Ekitaldi historikoa, gure hezkuntza sisteman leku propio duen xakearen presentzia aldarrikatzeko, eta efemeride berezi hau SPAko egutegian finkatzeko. Datorren urtera arte!

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *