San Pedro Apóstol Ikastetxea

EUSKARAREN EGUNA 2019

Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduak 3, euskara aldarrikatzeko eguna, geure hizkuntzaren eguna… azken finean euskarak merezi du, jakina, egun berezi bat gure egutegian. Efemeride hau San Pedro Apostol Ikastetxean ere ospatu genuen eta urtero legez hainbat ekintza prestatu genituen.

Goizaldeko 9:00etan hasiera eman genion jaialdiari, ohikoa bilakatu den irakasleen pregoia irakurriz. Maitasunez beteriko hitzaldia izan zen, hunkigarria. Euskarak historian zehar bizirauteko izan zituen zailtasunak gogoratu genituen eta “irauten dugula” harrotasunez aldarrikatu genuen, orain dela  70 urte lehen aldiz ospatu zen egun hura oroitaraziz.

Pregoia eta gero, hotza gorputzetik astintzeko, ikasleek herri kirol desberdinak praktikatu zituzten: soka-tira, txingak eta lokotx bilketa. Musikak ikasleen arteko lehia girotzen zuen bitartean, ikusleen tripazorriak kentzeko zeregina txorizozko talo postuari zegokion.

Herri kirolez gain, ikuskizuna izan zen protagonista San pedro Apostolen euskararen egunean. Hain zuzen,  Aitxol Atutxa azikolaria izan zen aurtengo gonbidatu berezia. Txapeldun bizkaitarrak herri kirolen eta aizkolaritzaren inguruko hitzaldia eman zuen areto nagusian. Horrez gain, herri kirolen historia eta jatorria azaldu zuen, ikasleen zalantzak argituz.

Eguerdian hartu zuen “benetako” protagonismoa plazagizonak. Patio erdian enborrak mimoz kokatu eta aizkorei buruzko azalpen labur baten ondoren, erakustaldiari ekin zion “Urrezko” aizkolariak. Teknika eta indarra uztartuz metro bateko enborra 41 segundotan erdibitu zuen bilbotarrak, patioan bildutako guztiak aho bete hortz utziz. Irakasleak ere saiatu ziren Aitzolen gomendiak jarraituz kana-erdia mozten, baina ezinezkoa egin zitzaien lana bukatzea. Erakustaldia amaituta, ikasleek trontzan aritzeko aukera izan zuten, betiere Atutxaren begiradapean.

Aizkolaritza erakustaldia bukatuta, ikasleek arrapataka Aitzol inguratu zuten egur ezpal bana eskuan hartuta, sinadura baten eske. Alabaina,  aizkorarekin bezain ongi moldatu zen Atutxa boligrafoarekin ikasleriaren oroigarriak sinatzen. Bejondeizula Aitzol!

Arratsaldean, jolastokia ikastetxeko txikienentzako izan zen. Euskal puzgarriak jarri genituen haurren “zoramenerako”, itzel pasa zuten puzgarri batetik bestera saltoka. Bitartean, LHko eta DBHko ikasleek euskarazko filmak ikusi zituzten.

San Pedro Apóstol Ikastetxean, egunero euskararen erabilpena sustatzen jarraituko dugu, honen erabilera eta ezagutza indartuz ikasle guztien artean. SPAn 365 egun euskararen alde!

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *