Urtero abenduaren 5etik 8ra, euskal kulturaren hiriburua Durango da. Artista, idazle, olerkari, musikari, ilustratzaile orok hitzordua dute Durangoko Azokan.
Aurten, azokaren 54. edizioan, San Pedro Apóstol Ikastetxeko 3. DBHko ikasleek Durango bisitatzeko aukera izan zuten. Eguraldia alde, Euskal Herriko ikastetxe guztietatik hurbildutako ikasleek anaitasun giroa sortu zuten Landako Gunea-n.
Lehen ikustaldian liburuak eta diskoak kuxkuxeatu, bigarrenean aldiz, aukeratutako liburuak eta diskoak erosi genituen, eta artisten sinadura bat lortzeko ilaretan kokatu ginen: En Tol Sarmiento, Izaro, Zetak, Esne Beltza, Gatibu, Jon Arretxe, Arantxa Urretabizkaia… Konturatzerako eguerdiko 12:00ak! Korrika! Arte eta Historia Museoan geneukan zita!
Museoan, kaligrafia tailerrarekin hasi baino lehen, Nerea Lekuonak Juan Itziarkoa eta Albert Dürer-en kaligrafiak ezagutarazi zizkigun. Bi artista hauek egindako ekarpenak ikasita, ikasleek ere beraien kaligrafia propioa lantzeko aukera izan zuten gidaturiko tailer baten bitartez. Ekoizpenak bukatuta, bazkaldu eta herriko alde zaharretik paseotxo bat eman ondoren Bilbora itzultzeko ordua iritsi zen. Egun biribila pasa genuen.
Adierazgarria iruditzen zait azken hitz hauek ikasleei zuzentzea. Ez soilik Durangora joandako ikasleei, eskolako lagin bat izan arren, ikasle guztiei atxikigarria baita: Museoan, hainbat ikasle talde pasa eta gero, ikaragarria da nola zoriondu gintuzten ikasleen errespetua, ardura eta adeitasuna zela eta. Benetan, bularra puztuta esan dezaket: “harro nago ikasle hauetaz!”.