San Pedro Apóstol Ikastetxea

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen San Pedro Apóstol ikastetxean. Egun seinalatua, egutegian gorriz nabarmendua dagoena; izan ere, euskarak nazioarteko egun bat izatearen garratzia ospatzekoa da eta guk euskarak merezi duen agerikotasuna eskeini genion ikastetxe osoak parte hartu zuen dantza lehiaketa bat eginez. Jakina, aurtengo edozein ospakizun bezala, pandemiak jendaurreko ekitaldia izatea galarazo zuen, hori dela eta, streaming bidez eskeini genuen ikuskizuna.

Noizbehinaka patuaren gauza izaten da, goizeko 9:15eko irakasleen pregoiarekin batera euri-lanbroa eten eta ostarteak ireki baiziren. Anderrek eta Iratik 2020an bizi izandako egoera lazgarriak indartsuago bilakatu gaituela jakinarazi ziguten. Hortaz, elkarrekin edozer gainditu dezakegula eta edozein erasoren aurka elkarrekin hamaika garela nabarmendu zuten irakasleek. “Euskara bizirik dago! ez dugu egarriz itotzen utziko, iturri zaharretik edaten baitugu ur berria, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik” Joxean Artze poetaren hitzak ekarri zituzten gogora pregoi bukaeran.
Arestian esan bezala, dantza lehiaketa streaming bidez eskeini genuen. Talde “burbuilak” errespetatu genituen gela ezberdinen arteko kontaktuak ekiditeko. Etapa guztiek parte hartu zuten. Dantzaldia eskeintzen zuen taldea jolastokira jeisten zen, gainontzekoek ikuskizuna beren geletan streeming bidez jarraitzen zuten bitartean. Dantzak bukatzean ikasleek inprimaki digital baten bitartez bozkatu zuten talderik onena.

DBHko, LHko eta HHko erakustaldiak zoragarriak izan ziren. Denetariko dantzak ikusi genituen, “San Petrike” edo “Erre zenituzten sorginen” dantza tradizionaletatik, Dupla bikote aguraindarraren erritmo traperoetara; euskal folk-rocka ahaztu gabe, jakina! Mugimenduek gosea pizten dute, beraz, tripazorriak kentzeko taloa txorizoarekin eta zuku bana banatu genituen ikasleen eta irakasleen artean.
Ikastetxeko bozka guztiak zenbatuta, irabazlearen izena plazaratu zuten Irati Alfonsok eta Ander Igartuak. Estu-estu, baina 3. DBHko ikasleak agertu ziren garaile Huntza taldearen “Buruz behera” dantzarekin: 2020ko SPAko Euskararen Eguneko Dantza diploma eskuratu zuten.

Halere, ikasle guztien esfortzua saritu nahi izan genuen eta opariz beteriko hiru saski zozketatu genituen etapa desberdinetan: euskarazko diskak, liburuak eta jolasak.
Energia agortuta zuten gure ikasleek  lehiaketaren ondoren. Beraz, indarberritzeko, eta erlaxatzeko unea iritsi zitzaien arratsaldean. Horretarako euskal zinemagintzaz gozatzeko aukera izan zuten.
Euskararen Nazioarteko Eguna era ezohikoan ospatu genuen arren,  jai-giroa ikasgela guztietara zabaltzea lortu genuen. Gure aldetik, euskararen erabilera sustazen jarraituko dugula berretsi nahi dugu, egunero; euskaraz dantzatu nahi dugulako, euskaraz maite nahi dugulako, euskaraz bizi nahi dugulako… Gora euskara eta gora San Pedro Apóstol ikastetxea!

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *