San Pedro Apóstol Ikastetxea

SAN PEDRO APÓSTOL IKASTETXEA BAKEAREN ALDE

Gaur, San Pedro Apostol ikastetxeko Hezkuntza Komunitatea Bakearen Eguna ospatzeko elkartu gara. Indarkeria, gatazka belikoak, giza eskubideen abusuak, gorrotoa eta diskriminazioa gaitzesteko aho batez eginiko oihua gauzatu dugu.

Indarkeriaren gorakadak, intolerantziak eta oldarkortasunak, pertsonen askatasunaren eta osotasunaren aurkako jarrerak kezkatzen gaituzte. Adin txikikoen aurka, emakumearen aurka, emigranteen aurka, desberdinen aurka egiten diren gehiegikeriez arduratzen gara. Hainbeste haur daude bahituta soldadu gisa erabiltzeko, eskolara joan ezin diren hainbeste ume, emigratzera, gosea pasatzera eta gaixotasunak izatera behartuta. Hori dela eta, gizartearen eremu guztietan gertatzen diren jazarpenez arduratzen gara. Bestalde, ezin dezakegu ahaztu pairatzen ari garen gerra isila, hainbesteko mina eragiten ari den pandemia hain zuzen ere. Birus ikusezin honen krudeltasunak arduratzen gaitu;  bat-batean erauzi dizkigun aiton-amonak, pertsona zaurgarriak, azken agurra emateko aukerarik gabe joan direnak…

Horrenbesteko sufrimendua eragiten duen egoeraren aurrean, bakegintzaren aldeko konpromiso indibiduala eta kolektiboa adierazi nahi dugu. Gure burua eta aldamenekoak errespetatzen ikasteko konpromisoa hartu nahi dugu. Gure desadostasunei aurre egiteko modu bakarra elkarrizketa dela azpimarratu nahi dugu. Gure ahotsa goratu nahi dugu bizitza duinaren defentsan, berdintasunaren, justiziaren eta elkartasunaren alde.

Eskola osatzen dugunok gizarte baketsu eta harmoniatsuaren alde lan egiten jarraituko dugu. BAKEA BETI ZUEKIN!

San Pedro Apostol ikastetxeko Hezkuntza Komunitatea

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *